Berriak

Atal honetan zuzenean izango duzu prozesu berrien ikerketan egindako aurrerapenen, produktuen berrikuspenen edota gure bezeroen kezkei eta galderei erantzuna emango dien informazioaren berri.

Artisau erako kare-ekoizpena Kenian

Artisau erako kare-ekoizpena Kenian
Argazkia: Pablo Moñino.

Karea ekoizteko gaur egungo prozesu aurreratuak ez dira beti aplikagarriak izaten, eta are gutxiago natura-baliabide mugatuak dituzten herrialde eta lurraldeetan, eskasia horrek gizakien biziraupena ere zailtzen duenean.

Horixe da Kenia ipar-mendebaldeko Turkana eskualdearen egoera; artzaintza nomadaren ordezko aukera gutxi dago, eta lehorte eta gosete handiek gogor astintzen dute eremu hori.

Orain dela 30 urte baino gehiagotik, San Pablo Apostoluaren eta Maria Elizaren Ama Misio Komunitateak (MCSPA) inguru hori urez hornitzeko ekimena zuzentzen dute; horretarako, presak eraiki dituzte, uholde-eurietatik datozen urei eusteko. Emalaikat fundazioarekin lankidetzan dihardu MCSPA komunitateak ekimen horretan; Afrikan ur-baliabideen sorkuntza eta garapena sustatzen duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da Emalaikat.

 

Presa Turkana, Kenia
Argazkia: Emailakat Fundazioa.

Zonan erabilgarri dauden baliabideak optimizatzea

Turkanan presak eraikitzeko, beharrezkoa da berariazko material aglomeratzaileak erabiltzea, eta material horiek urruti egonik eta duten kostua kontuan hartuta, ez zen bideragarria proiektua.

Horrela sortu zen 2013an “Chokáa” (swahilieraz karea esan nahi du) proiektua, Pablo Moñino ingeniariak zuzenduta; proiektu horren helburua zen karea han bertan artisau eran fabrikatzea, presak eraikitzeko eta konpontzeko ordezko material aglomeratzailea ekoizteko.

Zonako gaiak erabilita –hala nola kaltzita-harria edo laberako sua egiteko zuhaixkak–, azterketa hori zonako lehenengo kare-labearen eraikuntzarekin amaitu zen.

Baina karearen lanbidean ezinbestekoa da esperientzia, eta Turkanan eraiki zuten lehenengo labe hark ez zuen esperotako karea eskuratzea ahalbidetzen.

Beraiek jakin gabe, faktore asko ari ziren horren beharrezkoa zen proiektu hori lortzea galarazten, hala nola kare-harriaren kalitatea, labeak hartzen zuen tenperatura, harrien kokapena, ke-irteera…

Calcinorrek bere laguntza eskaini zuen Keniako proiekturako.

Nola diren kasualitateak, Juan J. Santa Cruz gure Ohorezko Lehendakariak Pablo Moñino ezagutzeko aukera izan zuen, eta adiskidetasun handia sortu zen haien artean.

Adiskidetasunak berezkoa du kezkak partekatzeko konpromisoa, eta Pablo etsitzear zegoenean, beste bide bat ireki zen, eta hor inplikatu ziren, besteak beste, Cales Gordillo eta Moron de la Fronterako Karearen Museoa, Calcinorreko teknikariak, Juan J. Santa Cruzen lagunak, familia, Calcinor… Lantalde handi horrek Moroneko Karearen Museoan Turkanako labearen antzerako beste bat jartzea erabaki zuen, proiektuarekiko ilusio handiz, garrantzi humanitario handia izateaz gain, ingurumenaren jasangarritasunaren mailan ere garrantzi handia baitzuen proiektuak.

Horretarako beharrezko funtsak, igeltseroak, kare-teknikariak eta beste bilatu zituzten, eta lehenengo labealdia egosi zuten Pablo bertan zela; Sierra de Moron udalerri karegilean Juan J. Santa Cruzek horretarako propio jarritako labean. Era horretan, antzinako lanbide horri buruzko beharrezko ezagutzak deskubritu zituzten.

Esperientzia hori bereganatuta, Turkanara itzuli zen Pablo eta arrakasta izan zuen lehenengo labealdiak. Urrats handia izan zen, gertakari garrantzitsua eskualde hartarako.

 

Kare labea, Turkana
Argazkia: Emailakat Fundazioa.

Turkanaren etorkizunerako erronkak.

Dagoen labearen inguruan artisau erako lantegi txiki bat sortzearen aldeko apustua egin da; hala beharko balitz, etorkizunean labe gehiago jartzeko moduan diseinatuta dago lantegia.

Calcinorrek modu aktiboan parte hartzen jarraitzen du Turkanako lantegi hori jartzeko, bere laborategia, bulego teknikoa, finantza-baliabidea eta bere teknikarien maitasuna haien zerbitzura jarriz.

Beste pertsona anonimo batzuek ere ematen dute beren laguntza finantzarioa.

Denek dute turkanarrek gauzak ongi egingo dutenaren uste osoa; karea, igeltsua eta zeramika-adreiluak ekoiztuko dituzte, eraikuntzarako oinarrizko elementuak.

Turkanan eskuratutako karearekin egindako azpiegituren artean, nabarmentzekoa da Loburreko misioko nutrizio-haurtzaindegi zentroa; proiektu horretan tokiko materialekin eraikitzeko hainbat teknika ere probatu dituzte, eta buztinezko, igeltsuzko eta beste material batzuez egindako adreiluak egosten hasi dira in situ proiektu horretarako.

Horrekin guztiarekin habitata hobetzea lortzen bada, bizitza asko salbatuko dira, bertako gatazkek beren lurraldea nabarmen murriztu izanaren ondorioz artzaintzatik bizibidea atera ezin duten herrixketan. Materialak ekoizteko tokiko industria txiki hori sortuta, eskualdearen garapenerako benetako tresna bilakatu nahi da eraikuntza, etorkizunean biztanleak finkatzea, biztanleriaren buruaskitasuna eta  familia-mailan ekonomiaren hobekuntza ahalbidetuko duena.

Calcinorrek Keniako proiektu hori babesten jarraitzen du, uste dugulako modu arduratsuan eta solidarioan erabili behar direla ditugun jakintza eta bitartekoak.